Zer da TREBESKA?

TREBESKA Dantza Taldea 1976. urtean sortu zen Donostian, Egia auzoko Xabier Elkartearen barruan. Mendizale, musikari eta dantzariak elkartuz.

Sortu zenez geroztik, TREBESKA Dantza Taldea gogo batez ari da Euskal Herriko dantza herrikoiak berreskuratu asmotan, gertaera kultural hau inguratzen duten arlo guzti edo gehientsuenetan, hala nola ohiturak agintzen duen egokitasunez dantzatuaz, edota garai eta eskualdeari dagokion jazkera osatuaz, musika berari merezi duen taxua emanaz eta ahal bezain zuzen egokituaz.

Azken urte hauetako lan honek lortu du heldutasun eta duintasun maila txukuna, eta asko harrotu gabe esan genezake TREBESKA Dantza Taldea Donostiako dantza taldeen artean ezarri dela eta gure folklore erakustaldi osatua egiteko gai dela.